XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Holakoari, kontura gabe, ez lioke ezerk ihes egingo, ezertan hutsegiterik ez luke izango; alderantziz bai, beste Lynceus baten antzera ongi behatu gabe ezer ez du utziko, zehaztasunez neurtu gabe ezer laga ere, ezta ezer barkatu ere, bera delarik bakarra bere buruarekin pozik dagoena; bera aberats, osasuntsu, errege den bakarra, bera aske den bakarra, hitz gutxitan esanda bera izanik dena, baina bere iritziz baino ez, bere adiskide inor ez delako, bera ez delako inoren adiskide, jainkoak eurak ere urkamendira bidaltzen zalantzarik egiten ez duelako, zentzugabea dela-eta guztia gaitzetsi eta guztiari barre egiten diolako?

Kasta horrexetako animalia da, bada, erabateko jakintsu hori.

Eta nire galdera da: auzia botuz erabakiko balitz, zein hirik nahiko luke beretzat kasta honetako magistraturik, edo zein armadak aukeratuko luke burutzat holakoren bat?

Gehiago oraindik, zein emakumek nahi edo jasango luke aiurri horretako senarrik, zein gonbite-egilek horren antzeko bazkaltiarrik, zein jopuk holako ohiturak dituen ugazabarik?

Nork, aldiz, ez luke nahiago izango gizaki eroen multzo handi horretako edozein, eroa izaki bera bezalako bati aginduak eman zein bera bezalako baten aginduak hartu ahal izateko, bere kideekin, ahal denik eta gehienekin gainera, atsegingarri dena, emaztearekin xalo, adiskideekin jator, bazkaltiarrekin adeitsu, bazkalkide gogoko eta, azken batean, gizakiari dagokion ezer arroztzat jotzen ez duena?

Baina, egia esan, kasta horretako jakintsuak aspaldidanik nauka goraino.

Eta, beraz, neuk ematen ditudan gainerako hobarietara nire hitzaldi hau bideratzea hobe!

XXXI. Jarrai dezagun, hortaz; norbaitek gaindegitik behatuko balu bere ingurua, poetek esan ohi dutenez Jupiterrek egiten duen antzera, ongi ikusiko luke zenbat lazeriaren arriskutan dagoen gizakien bizitza, zein nekoso eta likitsa den euren jaiotza, zein neketsua hazkuntza, zenbat laido-arrisku dituen haurtzaroak, zenbat izerdi botatzera bideratuta gazteria, zein astuna den zahartzaroa, zein gogorra hil beharra, zenbat triskantza egiten duen eritasun-andanak, zenbat mehatxatzen duten zorteek (...).